BANDA BATXOKI EUSKAL HERRIARI ETA NAZIOARTEKO LAGUNEI:
Banda Batxokik musika askapenerako Txantrea auzoko talde punkomunistak adierazpen honen bidez hartu duen erabaki baten berri eman nahi die euskal herritarrei eta nazioarteko lagunei.
Banda Batxokik 2008ko ekainaren 14ko gaueko 12etatik aurrera zuzeneko kontzertuen etenaldi-tranpa abiatzea erabaki du.
Bandaren erabaki honen atzean Euskal Herriak pairatzen duen egoera errepresiboa eta Nafarroan eman den langabezi-tasaren igoera daude, besteak beste.
Arestian aipatu bezala, tregua-tranpa hau hurrengo ekainaren 14tik aurrera abiatuko da, gure azken munizioak gastatu ondoren, jakina.
Hala eta guztiz ere, eta tregoa-tranpa iragarri arren argi eta garbi utzi nahi dugu Banda Batxokik oinarrizko hiru eskubide gordeko dituela beretzat. Honako hauek dira:
- Armatzen jarraitzeko eskubidea; ez dugu baztertzen inolaz ere puak eta sokak erosten jarraitzeko aukera.
- Kantak egiten jarraitzeko eskubidea; ez dugu baztertzen inolaz ere kantak egiten jarraitzeko aukera (punteorik gabe baldin badira ere).
- Erantzuteko eskubidea; ez dugu baztertzen inolaz ere, probokazio baten aurrean erantzuteko aukera. Probokatzen bagaituzte gure gitarrak, bateria eta baxu atera eta tiro egin dezakegu edozein gaztetxe, txozna edo tabernetan.
Hau horrela izanda, eragile guztiei, kontzertu-antolatzaile guztiei eta gure jarraitzaile guztiei Banda Batxokik egindako urratsaren neurri bereko erantzukizunarekin jokatzeko deia egiten diegu eta eskaera argi bat luzatzen diegu: Ez deitu iraila arte, bederen.
SGAEko agintariei eta benetako musikariei gehiegi ez pozteko deia egiten diegu; Gure CDak eta bideoak gure webgunean dohainik eskuratzeko aukera baitago, www.bandabatxoki.net helbidean, hain zuzen ere.
Eta hau esanda, ez dugu esango ez noiz ez nola itzuliko garen (itzultzen bagara, noski) eta are gutxiago zertan gastatuko dugun urte luze hauetan irabazi dugun dirutza.
Musika eta borroka!
Banda Batxokiren Komandantzia,
2008ko maiatzaren 2an,
Ezkaba Plazako leku ezezagun batetik.