MySpace
myspace music


Yakuzi



Last Updated: 10/15/2009

Send Message
Instant Message
Email to a Friend
Subscribe

Status: Single
City: Elorrio (Bizkaia)
State: Euskal Herria
Country: IO
Signup Date: 6/20/2006
October 6, 2008 - Monday 
Soinu ontzia borborka

Izan liteke erlaxatzeko, edo astinalditxo bat jasotzeko; bietarako balio dezake Yakuzi taldearen musikak; erdi ezkutuan igaro arren, ibilbide interesgarria osatzen ari da Bizkaiko taldea.

Gorka Erostarbe

Elorrio

Kanpoan euria eta Yakuzi barruan, entsegu lekuan. Astelehenero eta asteartero moduan. Arriola Kultur Etxeko (Elorrio, Bizkaia) sotoan dute gotorlekua, inguruetako beste hamaika taldek bezala. Apenas dituen 25 metro karratu arrautza kaxez hotsgabeturiko entsegu gelak. Eta han sartzen dira lau kideak, musika tresnak, bozgorailuak, anplifikatzaileak...

Nork bere tresna puntu-puntuan jarri eta ia hitzik ere egin gabe, nahikoa izan dute begirada keinu bat, Es lloga abestia jotzen hasi dira. Gorka Moleroren (Elorrio, 1977) gitarra finak erritmo errepikakorra ezarri du. Haren gainetik bestelako gitarra marrazkiak egiten hasi da Aitor Monje (Berriz, 1972). Abestiari tentsioa eta sakontasuna eman diote Gustavo Gallego baxu jotzaileak (Durango, 1972) -programaketez ere bera arduratzen da- eta Anartz Onandia bateria jotzaileak (Durango, 1973). Erritmo bera oinarrian, baina intentsitatea in-crescendo, harik eta barealdi baten ostean erabateko eztanda lehertu den arte.

Hot Balneario (2007) diskorako prestatu zuten lehen abestia da eta Yakuziren ezaugarri guztiak biltzen ditu. Paisaia bare eta bortitzak tartekatzen ditu, instrumentala da, eta barne-giroak iradokitzen ditu. Makina bat aldiz jo dute azken hilabeteetan. Igartzen zaie. Entseguan ere bikain atera zaie. Tentsioarekin jo dute eta amaitzean ez dute hitzik elkar-trukatu. Beharrik ere ez nonbait.

Ibilbide luzeko taldea da. Hiru lan ditu merkaturatuak, baina, musika taldeen inguruko informazioa eskuratzea hain erraza den garaiotan, erdi ezkutuan igaro da beraien jarduna Euskal Herrian: «Hiriburuetan edo hirietatik gertu dauden taldeek ezagutarazteko erraztasun handiagoa dutela iruditzen zait niri», dio Gallegok. Beste arrazoi bat gaineratzen du Onandiak: «Guk ez dugu managerrik, eta horrek asko egiten. Manager bat duten taldeak leku guztietan agertzen dira. Guk zortea izan dugu; Villa Bilbao irabazi genuelako, eta horregatik deitu izan digute». Eta, azkenik, beste arrazoi bat ere badauka Molerok: «Euskal Herrian festa giroko kontzertuek funtzionatzen dute hobekien, eta gurea ez da oso festa giroko musika. Ez digute deitzen halakoetarako». Halere, beraiek ez diote muzin egiten inolako agertokiri. Txosnetan, gaztetxeetan, aretoetan edo jaialdi handi -Primavera Sound (2004), adibidez- edo txikiagoetan ere jo izan dute.

Eta Euskal Herrian adinako oihartzuna -handiagoa ez bada-, lortu dute kanpoan. Azken asteetan, esaterako, Valentzian (herrialde katalanak) Kordoban eta Almerian (Espainia) edota Bartzelonan izan dira jotzen: «Diskoa kaleratu eta gu geu hasi ginen mugitzen. Lehenagotik genituen harremanak lantzen eta kontzertuak han eta hemen lortzen», azaldu du Monjek. Internet erabiltzea, myspace eta web orria dituzte, interesgarria izanagatik, mugitzea ezinbestekotzat dute: «Jendeak taldea ezagutzea ezinbestekoa da. Ikus gaitzatela kontzertuetan, eta orduan joango dira agian sarera informazio bila; bestela, alfer-alferrik egongo dira orri horiek Interneten», zehaztu du Monjek.

Punk mugimenduarekin famatu egin zen egin ezazu zuk zeuk leloak inoiz baino gaurkotasun handiagoa du, Yakuziko kideen iritziz: «Ordenagailu eramangarri bat nahikoa da disko bat grabatzeko. Sarean zabaldu zenezake grabaturiko hori, eta Creative Commons lizentziarekin ez duzu SGAEra joan beharrik ere. Eta kontzertu bira antola zenezake sarean egindako harremanen bidez», aldarri egin du Gallegok.

HIRU LAN PLAZAN. Sal taldea martxan zegoela sortu zen Yakuzi, 1998 bukaeran. Gustavo Gallegok abiatu zuen, berak konposatutako kantuak beste proiektu batera bideratuz. Yakuzi, partaide bakarra izanda (baxua, ahotsak eta programaketak) hainbat maketa egin zituen eta kritika onak jaso zituen. Almeriako (Espainia) Pause Music diskoetxeak disko bat grabatzeko aukera eman zion eta lan hori aurrera eramateko, Saleko taldekideengana (Anartz Onandia, bateria, eta Aitor Monje, gitarra,) jo zuen. 2001. urte bukaeran grabatu zen Yakuzi izeneko lana. Kritika onak jaso zituen.

2003an Gorka Molero batu zen taldera. Urte bereko abenduan grabatu zuten Ibai lehorretan itota izeneko lana, Almeriako Pause Music diskoetxearekin grabatua eta kaleratua hura ere. 2006ko Bilbo hiria pop rock lehiaketan parte hartu, eta lehenengo saria eskuratu zuten. Disko bat kaleratzeko aukera eman zien sariak.

2007ko abenduan eman zuten argitara Hot Balneario izenpean. Lisabö taldeko Karlos Osinaga aritu zela teknikari lanetan. Lisabö taldearen jarduna eta soinua oso gustukoak dituzte, hain zuzen ere: «Eragin bat baino gehiago antzeko gustuak ditugula uste dut, antzeko musik taldeak entzun izan ditugulako, ziur aski», argitu du Monjek.

Post-rock etiketarekin lotu izan da beti Yakuziren musika, eta desegokitzat ez duten arren, guztiz ados ere ez dira taldekideak: «Rocka egiten dugula uste dut. Hirugarren lan hau are rockeroagoa da gainera. Mogwaik egiten duena ere guretzat rocka da. Post rocka aldiro aldatuz doa eta egun beste zerbait da», adierazi du Onandiak. Zinemarekin lotura duten soinu pasarteak, rock jarrera, mezuen gabezia - «oraingoz behintzat ez dugu mezurik igortzen- eta «ostia txarra» dira taldearen zeinuak.

Azken orduko aldaketarik izan ezean, kontzertu bat baino ez zaie geratzen, atsedenalditxo bat hartu eta lan berri baten sorkuntza prozesuan berriro ere murgiltzeko. Tolosako Bonberenean ariko dira, ekainaren 7an.

Ordu eta erdiz aritu dira kontzertuetan jotzen dituzten abestiak errepasatzen. Ezpatadantzari abestiarekin eman diote amaiera entseguari. Kantuaren izenburuaz galdetuta, erantzun bitxia bueltan. «Abesti honetan asko erabiltzen ditugu gitarra eta baxuaren pedalak, eta ezpatadantzari itxura dugu, musikari itxura baino gehiago».

Isil eta apal lan egiten duten arren, sonari baino musikari berari garrantzia ematen diotelako, barrena borborka jartzen duen soinu ontzia da Yakuzi.